Ipuin Zientifikoen Txokoa: ipuinek ezkutatzen duten zientzia
Aurten, Ikertzaileen Europako Gauak gune berezi bat estreinatuko du: Ipuin Zientifikoen Txokoa, betiko ipuinez gozatzeko eta haien orrien artean ezkutatzen den zientzia guztia ezagutzeko gunea.
Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zergatik den Erpurutxo hain txikia? Zer material beharko lituzkete benetan hiru txerrikumeek etxe sendo bat eraikitzeko? Pinotxo existitu al liteke? Zergatik ez zuen beldurrik Beldurrik gabeko Juanek? Eta nola lortu zuen Hamelingo txirulariak arratoi guztiak erakartzea?
Arratsaldean zehar, EHUko ikertzaileak ipuin-kontalari zientifiko bihurtuko dira, eta guztiok ezagutzen ditugun istorioetako batzuk beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eskainiko digute.
Erpurutxo, Oz-eko aztia, Hiru txerrikumeak, Pinotxo, Sirenotxoa, Beldurrik gabeko Juan eta Hamelingo txirularia ipuin zientifikoak entzuteko aukera izango dugu. Pertsonaien eta haien abenturen bidez, zientziaren hainbat arlotako kontzeptuak ezagutuko ditugu, modu erraz, harrigarri eta dibertigarrian.
Proposamenak Valladolideko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren eta Berrikuntzaren Unitateak garatutako «Ipuin klasikoek kontatu ez zizutena» ekimena du abiapuntu. Egitasmo horrek ipuin tradizionalak erabiltzen ditu ezagutza zientifikoa publiko guztiei hurbiltzeko.
Hurbildu Ipuin Zientifikoen Txokora, aukeratu ipuin bat eta utzi istorioak eramaten. Izan ere, «Bazen behin…» baten atzean ere zientzia asko ezkuta daiteke.
