Ikertzailea: Aitor Tejo Otero
Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektua
“3D inprimaketa: zure arazo guztien konponbidea al da?” jarduerak fabrikazio aditiboaren potentziala eta haren aplikazioak herritarrengana hurbilduko ditu, besteak beste osasunaren, irisgarritasunaren, hezkuntzaren eta berrikuntza jasangarriaren esparruetan.
Jardunaldian zehar, zuzeneko erakustaldia egingo da, 3D inprimagailu baten bidez. Inprimagailuak piezak denbora errealean fabrikatuko ditu, eta bertaratzen direnek prozesu osoa ikusi ahal izango dute: diseinu digitaletik hasi eta azken objektua lortu artekoa. Horrez gain, tailer parte hartzaileak egingo dira, eta parte hartzaileek 3D diseinuaren oinarriak, ereduen prestaketa lana eta 3D inprimagailuen funtzionamendua ikasiko dituzte.
Jarduerak benetako ikerkuntza proiektuetan garatutako piezen erakusketa ere izango du. Horien artean egongo dira, besteak beste, 3DLAN bezalako erakundeekin elkarlanean sortutako soluzioak, aniztasun funtzionala duten pertsonen autonomia eta bizi kalitatea hobetzeko, baita osasun arloarekin lotutako aplikazioak ere. Proposamen honek Zientzia Irekia, berrikuntza arduratsua eta osasunarekin, hezkuntzarekin eta desberdinkeriak gutxitzeko lanarekin lotutako Garapen Jasangarriko Helburu batzuk sustatzen ditu.
