Hondartzara joaten garenean ez gara ohartzen zapaltzen dugun hondarrak zenbat informazio ematen digun. Bizkaiko kostako hondartzetako adibide bat aztertuz, gizakiok sortutako hondakinak (baita industria hondakinak ere), itsasora botatzen baditugu, hauek kostaldera berriz bueltan etorri, metatu, arroka bihurtu eta mendeetan zehar gorde daitezkeela erakutsiko da. Zabor-arroka hori nola sortu den ulertzeko berriz, hondakinen jatorria eta noiz itsasoratuak izan ziren aztertzeaz gain, itsas-kostaldeko korronte eta olatuen dinamika, eta hondartzek ur azpian duten malda edo profila ulertzea ezinbestekoa da. Guztiak izan dira baldintzatzaile nagusi hondakin-arrokaren sorreran. Gertu dugun adibide erreal honek argi uzten du iraganeko eta gaur egungo giza-kutsadura ekintzek lorratza utziko dutela Lurra planetan.