Ozeanoen Eguna

Ekainaren 8an Ozeanoen Nazioarteko Eguna ospatzen da, ekosistema horiek Lurreko bizitzarentzat dute garrantzia gogorarazteko xedearekin. Eguna1992ko Lurraren Goi-bileran proposatu zen, eta 2008an ofizialki onartu zuen NBEk. Helburu nagusia da ozeanoek planetaren “birika” eta oinarrizko baliabideen iturri gisa duten funtsezko zereginari buruz kontzientziatzea.

Gainera, giza jardueraren eragin larria ikustarazi nahi da, hala nola kutsadura eta gehiegizko arrantza.  Horrekin batera, itsasoen baliabideen kudeaketa jasangarria sustatu eta ahalegin globalak batu nahi dira bere osasuna babestu eta leheneratzeko, horrela gure planetarentzat etorkizun jasangarria ziurtatuz.

Aurten, jarduera hauek egingo dira:

KONTUZ!EZ NAZAZU ZAPALDU!

Kontuz! Ez nazazu zapaldu! Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako itsas Estazioko (PiE-EHU) ikertzaile talde batek bultzatutako proiektua da. Helburua parte hartzaileak euskal kostaldera hurbiltzea eta arreta jartzea da, bai eskala mikroskopikoari dagokion bioaniztasunean zein aniztasun hori arriskuan jartzen duten agenteetan (adibidez, plastikoetan).

Herritarrentzako STEAM proiektu inklusibo honek euskal kostaldeari buruz daukagun ezagutzan sakontzen du eta hartara, gure hondartzek ingurugirorako duten garrantziaz jabetzeko aukera aparta suposatzen du. Parte hartzaileek hondartzetan ur zein hondar laginak hartzen dituzte, eta prozedura zientifikoen bidez, meiofaunaren, planktonaren eta mikroalgen talderik esanguratsuenak bilatzen dituzte, bai eta laginetan agertuko diren mikroplastikoak deskribatu ere.

Proiektu honek 2021. urtetik hona finantziazioa lortu du Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYTek) kultura zientifikoa, teknologikoa eta berrikuntza sustatzeko diru-laguntzen deialdietan. Aurtengo ekitaldia FECYT-MICIUk finantziatu du 2023ko deialdian (erref.: a FCT-23-19186). Era berean, EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak zein EHUko barne deialdietako funtsek eta ikerketa talde zientifikoek ere diruz lagundu dute.

Ekainaren 8an aurten parte hartu dutenen azken ekitaldia izango da: Euskal kostaldeko EZAGUTZAREN JARDUNALDIA, non parte hartzaileek proiektuan lortutako emaitzak azalduko dituzten eta besteek lortutako emaitzen berri izango duten.

  • 10:30-11:00: Izen-ematea. Bizkaia Aretoa
  • 11:00-11:10: Ongi etorria
  • 11:10-11:20: CIMASUB-en film laburren proiekzioa
  • 11:20-11:50: Laura Nuñez Pons – Staziona Zoologica Anton Dohrn, Napoli – ikertzaile gonbidatuaren dibulgazio-hitzaldia
  • 11:50-12:00: CIMASUB-en film laburren proiekzioa
  • 12:00-12:30: Ordezkari akademikoen agurra eta sari banaketa
  • 12:30-14:00: Tailerrak eta zuek egindako poster erakusketara bisita.

Ekainaren 8tik 17ra publiko orokorrak proiektu inklusibo honeta parte hartu duten talde lanen poster erakusketa izango du ikusgai Bizkaia Aretoan (EHU). Atea zabalik dago, etorri ikustera!