Ikertzaileak: Iratxe Unibaso-Markaida eta Maite Santiago Garabieta
Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia
Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika
Bilboko Hezkuntza Fakultatea
Bilboko Hezkuntza Fakultatetik uste dugu lehen haurtzarotik kalitatezko hezkuntza funtsezkoa dela osasuna sustatzeko eta minbizia, obesitatea, diabetesa eta bestelako gaixotasun kronikoak prebenitzeko. Horrez gain, planetaren errespetuaren kontzientzia garatzea ere garrantzitsua da, zehazki, plastikoek eta zaborrek gure ibaiak eta ozeanoak kutsa ez ditzaten materialak birziklatzea, baita eraldaketa soziala sortzea ere, bizi garen hiriak eta herriak errespetatuz.
Ikusi Makusi txokoan, umeekin eta familiekin jolastuko gara euskaraz (eta gaztelaniaz ere, gerturatzen diren eta hala eskatzen duten guztientzat egokituta). Ebidentzia zientifikoan oinarritutako jolasaren bidez, osasuntsu jatearen garrantzia ikasiko dute. Dieta askotarikoa bultzatuko da, haurtzarotik hasita, frutetan eta barazkietan oinarritua, eta platerak kolorez betetzeko aukera izango dute. Horrez gain, egunerokoan erabiltzen dituzten materialak birziklatzen ikasiko dute, eta hiri atseginak sustatuko dituzte.
Hori guztia 2030 Agendarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat dator: 4. Kalitatezko Hezkuntza; 5. Genero Berdintasuna, 3. Osasuna eta Ongizatea, 10. Desberdintasunak murriztea, 16. Bakea, Justizia eta Instituzio Sendoak, eta 17+1. Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna.
