Ikertzaileak: Idoia Martín Guerrero eta Elixabet López López
Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia
Biokimika eta Biologia Molekularra
Haur-minbizia oraindik ere erronka nagusietako bat da gure gizartearentzat, gaitzaren berragertzearen ondorioz hiltzen diren haurren kopuru onartezinagatik, zein tratamendu intentsiboen eraginak jasaten dituztenen ondorioz. Testuinguru horretan, medikuntza pertsonalizatuak aukera berritzaile eta eraginkorra eskaintzen du, bai biziraupena hobetzeko, bai tratamenduen albo-ondorioak murrizteko.
Jarduera honek, medikuntza pertsonalizatua zer den eta haur-minbizian nola aplikatzen den modu ulerterrazean azaltzea du helburu. Erakutsi nahi da paradigma honek nola aldatu duen, eta oraindik aldatuko duen, minbiziaren tratamendua, azpimarratuz “minbizia” ez dela kontzeptu unibertsal bat, baizik eta gaixotasun desberdinen multzo bat, gaixo bakoitzaren ezaugarrien araberakoa.
Horrela, parte-hartzaileek jolas, esperimentu eta simulazio klinikoen bidez ulertuko dute ez daudela bi minbizi berdin, izen bera izan arren. Horretarako, gure zeluletako material genetikoa ikertzeko, mutazio genetikoak identifikatzeko eta haur bakoitzarentzat tratamendurik egokiena aukeratzen laguntzeko dinamika interaktiboak egingo dira. Esperientzia hau adin guztietara egokitutakoa izango da, eta zientzia, enpatia zein hausnarketa etikoa uztartuko ditu.
Azkenik, jarduera honekin gizartea diagnostiko goiztiarraren eta ikerketa zientifikoaren garrantziaz jabetzea ere bilatzen da.
