Ikertzaileen Europako Gauaren Azoka

Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du beste urte batez Ikertzaileen Europako Gauarekin, Europan ospatzen den (une berean lurralde guztietan) zientzia dibulgaziorako ekitaldi handienetako batekin. Ekimen honen jarduketa nagusia ikertzaileen lana gizarteari hurbiltzea da. Aurten irailaren 29an, ostiralean, egingo da Bilbon, 17:00etatik aurrera.

Areatzako kaia zientziaz beteko da eta bertan ezagutu ahal izango dira, zuzen-zuzenean gaietan adituak direnen eskutik, edizio honetako misioekin, GJHekin eta UPV/EHUko ikertzaileek egikaritzen duten Europako Itun Berdearen helburuekin bat datozen ikerketak eta proiektuak: ekonomia zirkularra, klima-aldaketa, biodibertsitatea, eraginkortasun energetikoa, osasuna, kutsadura, material berriak… izango dira jorratuko ditugun gaietako batzuk. Ez geratu Zientzia txokoak UPV/EHUko ikertzaileekin ikusi gabe.

Era berean, “Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn” erakusketaz gozatzeko aukera izango da. Erakusketa horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko hamabi ikerketa-taldek minbiziari buruzko ikerketen prozesu konplexuak azaldu eta erakusten dituzte, irudi eta testu errazak konbinatzen dituzten infografien bidez.

UPV/EHUko ikertzaileek gidatutako Behaketa astronomikoaz atsegina hartzeko aukerak emango dio amaiera jardunaldiari.

Halaber, musika ere izango da 18:00etatik 19:30era, Confluence taldearen eskutik (blues, rock amerikarra).

Aurten zientzia zugandik inoiz baino gertuago egotea nahi dugu. Kontsultatu programazioa eta etorri bisitatzera