Hiri-erakusketa: Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn

Euskal Herriko Unibertsitateak ‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketa prestatu du. Jarduera hori G9 Unibertsitate Taldeak, Ikertzaileen Gaueko G9Missions proiektuaren barruan, abian jarri duen sentsibilizazio kanpainaren barruan kokatzen da, minbiziaren aurkako borrokan ikerkuntzak duen garrantzia aldarrikatzeko. 

Euskal Herriko Unibertsitateko hamabi ikerketa-taldeak dira ‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketaren protagonistak, Talde horietako bakoitzak panel bat du, eta, irudi eta testu errazak konbinatzen dituzten infografien bidez, minbiziari buruzko ikerketen prozesu konplexuak azaltzen eta bistaratzen dira. 

Talde horiek UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Farmazia Fakultatean eta UPV/EHUko Psikologia Fakultatean egiten dituzten ikerketa-lanak askotarikoak dira, bai lantzen duten minbiziagatik, bai erabiltzen duten ikuspegiagatik. 

Hala, Magnetismo eta Material Magnetikoen Taldeak (GMMM) bakterio magnetotaktikoen erabilera eta minbiziaren tratamenduan duten aplikazioa aztertzen ditu; Minbiziaren Biologia Molekularrak tumore-zelulen eraldaketa-, ugaltze-, inbasio- eta kimioterapiarekiko erresistentzia-prozesuetan laguntzen duten mekanismo molekularrak ikertzen ditu; UPV/EHUko Microfluidics Cluster minbizia eta psikobiologia aztertzeko gailu mikrofluidikoak garatzen ari da. UPV/EHUko Psikobiologia taldeak erresilientziako eta/edo tumore-prozesuko zaurgarritasuneko faktore psikobiologikoak aztertzen ditu. 

Zenbait talde daude minbizi-mota jakin batzuetan espezializatuta. Gibeleko minbizian hiruk egiten dute lan: Signaling Lan-Minbizi Taldeak nanopartikula bat garatu du gibeleko metastasiari aurre egiteko. Lipids & Liver gibeleko tumoreei lotutako ibilbide metabolikoetako aldaketak identifikatzen saiatzen da; Gaixotasun gastrointestinalak eta hepatikoak taldearen helburua, berriz, metodo diagnostiko berriak eta ikuspegi terapeutikoak bilatzea da, baita behazun-minbizirako ere, besteak beste. 

Markatzaile kliniko-patologikoen eta molekularren azterketa ahoko eta aurpegi-masailetako patologian taldea analisi kliniko, histologiko eta molekularrean oinarritzen da ahozko minbizia goiz diagnostikatzeko. Gaixotasun Konplexuetako Genetika eta Epigenetika Taldeak leuzemia eta linfomen eta meduloblastomen profil genetiko eta epigenetikoa aztertzen du. Seinaleztapen Zelularra eta Metabolismo Lipidikoa Taldea biriketako minbiziaren azpian dauden mekanismoak ikertzen ari da, terapia eraginkorrak diseinatzeko; Cancer & Translational Medicine-k melanomaren diagnostikoan eta pronostikoan tresna erabilgarria garatu du; eta, azkenik, Cancer Transcription & Cell Comunication Lab-ek estrategia terapeutikoak bilatzen ditu prostatako tumoreak tratatzeko. 

Aingeru Genaut Arratibel eta Sara Loiti Rodriguez UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleek diseinatu dituzte infografiak.